XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ESPAÑOL PRESONDEGIETAN DITUGUN HERRITARRAK EZ AHANTZ

Maizegi ahanzten baldin baditugu ere, noizean behin bederen orroit gaiten espanol presondegietan francoren poliziak zuzen-kontra sartu dituen euskal herritarretaz, gure anai-arrebetaz.

Euskal-herritarrak diogu, eta ez bakarrik euskaldunak, euskaradunak, zeren eta Euskal-Herriaren alderako guduan eta erreziztentzian, baitira ere espanola baizik mintzo ez duten militante suharrak.

1936-eko gerlaz geroztik bereziki, espanol estadoko poliziaren eta burgesiaren pean Herri eta Gizarte bezala zapaldurik dagoen hego Euskal-Herrian milaka dira Francoren sistema diktatoriak altxatu dituen presondegietan iragan diren gazteak eta adinetako gizon emazteak.

Milaka ere, behin edo berriz presondegi ilun kaltegarri horietan beren burua ez ikusi nahiz, mugaz hunaindira iges egin behar izan dutenak!.

Eta den tenorean, zorigaitzez zenbat ehuneko ez da zakurrentzat ere on ez diren presondegietan.

Duela bizpahiru hilabete, Anai-Artea deitu batasunak ipar aldeko egunkarietan argitaratu zituen zifreen arabera, eta berri emaileak zioen oraindik presoner ainitzen izenak ezin bildu ahal izan zituztela, beraz zifre haien arabera, den tenorean 130 bat herritar badugu gutienik Francoren presondegietan, euskal politika, kultura eta langileriaren gatik ainitz urterentzat preso altxatuak izan direnak.

Han hemenka espanol estado guziko presondegietan barreaturik eta gaixtaginen artean nahasirik.

Gutiz gehienak gaizki erabiliak eta torturatuak izanak dira.

Duela bi Urte Enbata kazetak argitaratu zituen zernolako torturen egile diren espanol polizategietako Jauntxoak!.

Zorigaitzez orduan egiten ziren torturak ez dira orduz geroztik gelditu.

Gauza jakina da munduko estado gehienetako poliziak preso-politikoak guti edo aski, gaizki erabiltzen eta torturatzen dituela.

Zifre ofizialen arabera (frantses estadokorik ez dugu), Espainiako presondegietan orotara 14.681 presuna ba omen da, hauetarik 782 emaztekiak.

Erdiak oraino jujatzekoak omen dira!.

Behar da erran auzitegiek zenbait aldiz urte bat, bi, hiru eta hamar ere egoiten direla preso altxatuen auzia espanol legearen arabera xuritu aintzin!.